Habemus president

4 01 2008

Azkenean. Oztopo, zangotraba eta guztien gainetik, Iñaki Badiola Errelaren presidente izango da. Gaur, ohiko ez biltzarrean izandako botaketan, berak eta aurkezten zituen beste kontseilariek uste baino akzio gehiagoren babesa izan dute. Present zeuden 79.283 akzioetatik, 57.004ren babesa lortu du, hau da, gutxigorabehera %70arena.

Orain berak ezarritako helburua betetzeko garaia iritsi da: Erreala Lehen Mailara itzultzea. Bitartean, eta egun eta aste gutxiren bueltan, hainbat duda argitu beharko ditu: fitxaketak, Coleman, due diligence, finantziazio iturriak,…

Euskizofreniatik zorte onena opa diegu berari eta bere kontseiluko parte diren pertsonei. Bestalde, hainbat botere ezberdinetatik (politikoak eta faktikoak) izango duten jarreraren zain gelditzen gara. Orain artekoa bezain frentekoa eta bortitza izango al da? Errealaren onerako espero dugu erantzuna ezezkoa izatea.

Gipuzkoalandeko herritarrok ilusioa berreskuratu nahi dugu, Badiola jaunarekin edo hori lortzeko gai den beste edozeinekin. Ilusioa Errealaren zale izatearen harrotasunari gehitu nahi diogu. Taldea Lehen Mailan ikusi nahi dugu eta mendeurrena bertan ospatu. Hori zelaian lortu beharko da…





Urteberri on!

2 01 2008

Gaur hori da mezu nagusia. Gure familiko kideei, lagunei, ezagunei eta baita ezezagunei ere bere lehen orduak bete dituen urte hau ona izatea opa diegu. Hala izan dadila ere hau irakurtzen duzutenentzako. Euskizofrenia bizi dugunok, gure gaixotasunaren aurkako txertoaren aurkikuntza biziko dugu?

Txinatarrentzat hau arratoiaren urtea omen da. Ea nolako zortea duten aurten, lehen aldiz joku olinpikoak antolatzen dituzten honetan. Niretzat aldiz, hauteskundeen urtea da. Gertu edo urruti, gutxiago edo gehiago axola zaizkidalarik, hainbat hauteskunde egongo dira aurten hitzegiteko asko emango dutenak. Horien inguruan zabalago hitzegiteko aukera egongo da. Gaurko postean zenbatu besterik ez ditut egingo:

  • Urtea hasteko, Gipuzkoalandeko herritarrok bereziki jarraituko ditugun “hauteskunde” batzuk: Errealarenak. Badiola bai ala ez?
  • Martxoan, Espainiako hauteskunde orokorrak izango ditugu. Zapaterok jarraituko du Moncloan edo maletak egin eta Rajoyri egin beharko dio lekua?
  • Azaroan, Estatu Batuetan izango dira hauteskunde presidentzialak. Bush administrazioak agur esango du (8 urte luze eta tragikoen ostean…) eta Inperioak buruzagi berria izango du. Hillary, Obama edo Edwards demokraten aldetik, eta Giuliani, Romney edo Huckabee errepublikarren aldetik. Sei gizon eta emakume horien artean egongo da erantzuna.

Azkenik, ez nuke ahaztu nahi Urrian egon litekeen erreferenduma. Ibarretxe bukaeraraino iritsiko da? Erreferenduma izango dugu? Apostuak irekiak daude. Nik ezezkora joko nuke. Eta zuk?

 





Erreala 2.mailara (I): Valentzian bizitakoaren kronika

18 06 2007

02:00 Donostiako Alde Zaharreko tabernak utzi eta Anoeta aldera.

03:05 Autobusak Valentzia aldera abiatzen dira. Gaua luzea egiten da. Zaletuen animoa ona da, behintzat gure autobusean. Oso lo gutxi egiten da eta bidean zehar 3 geldialdi egiten dira.

11:10: Valentziara iristen gara, eta autobusek Mestallaren ondoan uzten gaiztuzte. Zerbait jan eta edan eta bueltatxo bat ematen dugu.

12:15 Taldearen autobusa Mestalla inguruan ikusi ondoren, zaletuek ustu dugu jokalariak barnean aurkitzen direla. Kantuak eta animoak bata bestearen jarraian ematen dira denbora luze batez, jokalariak bertan ez direla azaltzen diguten arte.

12:45 Errealzaleok Mestalla inguruko tabernetatik aldentzeko gomendioa jasotzen dugu Poliziarengandik. Inorrek istilurik ez duenez nahi, kalejira inprobisatu bat sortzen da, giro on eta alai batean.

13:30 Bazkaltzeko garaia iritsi da. Bokata bat jatera joaten gara eta Fuentes aurkitzen dugu tabernako terrazan eserita beste hiru lagunekin. Baten batek presidente ohiaren aurkako bere hitzak beste momentu batetarako uzten ditu…

15:00 Jokalarien sarrera ikustera gerturatzen gara Mestallara. Errealzaleak pixkanaka azaltzen dira eta oihuak eta kantuak etengabeak dira.

15:30 Jokalariak iristen dira. Momentua oilo-ipurdia jartzen du. Gogoratzeak momentu honetan ere. Zaletuen animoak izugarriak dira.

16:00 Mestallara sartzen gara. Partidua hasi aurreko minutuak oso luzeak egiten dira, eguzkiak asko berotzen du, baina animoak goi jarraitzen dute.

17:00 Partidua hasten da. Goazen Erreala!!!

17:03 Garitanoren gola!!!!! Ezin det deskribatu momentu hortan errealzaleok geunden zonan gertatu zena. Mirakuluaren lehen pausua inorrek uste baino lehenago ematen ari zen…

17:05 eta 17:19 … baina Villak ezerean utzi zuen lehen gol hori eta zorte txarrak V. Lopez-ek baloia bere atean sartzera eraman zuen. Kolpeak gogorra da, baina animoak ez dira gelditzen.

17:27 Irratietatik Getaferen golaren berri izaten dugu. Goazen aurrera!!!

17:36 De Cerioren gola!!!!! 2-2 eta salbazioa bi goletara bakarrik aurkitzen da: Errelak partidua irabazteko sartu behar duena eta Racing-ek Betisi sartu behar diona bere partidua irabazteko. Zale batzuk negarrari ezin diote eutsi mirakulua hain gertu ikusita…

18:21 Celtak 2-1 irabazten jartzen da. Lehen kolpe gogorra

18:36 Valentziak hirugarrena sartzen du eta Betis 0-1 irabazten jartzen da. Bigarren kolpe gogorra eta jada definitiboa. Animoen tonoa igotzen da eta negar tantoak aurpegietan ikusten hasten dira.

18:50 Amaitu da gauza. Erreala 2. mailara doa. Negarrak ia orokorra dira (nik ere neureak bota nituen…), baina kantuak eta animoak ez dira gelditzen. Gehiago oraindi, ozenkiagoa oraindik. Jokalari batzuk gure zonaldera gerturatzen dira agurtzera.

19:00 Mestallan ia inor ez da gelditzen. Ia inor? Ez. 600 errealzalek bertan jarraitzen dugu, kantuka, animoak emanez eta aldi berean, nigarrak xikatzen. Ekipoa atera dadila eskatzen da. Jokalari ugari futbol zelaira bueltatzen dira eta txaloka agurtzen dituzte zaletuak.

19:35 Bagoaz Valentziatik. Begiak gorrituak daude zaletuen aurpegi luzeetan.

03:15 Autobusak Donostiara iristen dira. 24 ordu pasa dira mirariaren bila atera ginenetik. Eskuhutsik bueltatzen gara eta taldearekin 2. mailan. Baina nik uste dut beste zerbait erakutsi diogula munduari: Errealzale izatearen harrotasuna eta talde baten jarraitzale izatearen eredua!!!

BUELTATUKO GARA!!!





Erreala agurtzera edo salbazioa ospatzera: Valentziara goaz!!!

16 06 2007

Aurreko larunbatean, moralki eta matematikoki amore eman nuen. Baina astea aurrera joan den ahala moral pixka bat errekuperatu det eta gelditzen den zirrikitu txiki hortara (%7 diotenez) eutsi nahi det.

Duele hilabet batzuk, Erreala salbazio puntuetatik 12 puntutara jarri zenean, lagun bati komentatu nion Ligako azken partidura joango nintzela Errealak salbazio itxaropen matematiko minimoak bazituen.

Azken partidua iritsi da. Salbazio itxaropen minimo horiek hor daude. Eta nik hitza betetzeten det. Valentziara noa.

Ez naiz inoiz joan etxetik kanpoko Errealaren partidurik ikustera eta joan behar dudana agian Lehen Mailan denboralditxo batean jolasten duen azkena izan daiteke.

Berdin dio. Erreala Bigarren Mailarako bidean agurtzera edo salbazioa ospatzera hara goaz.

Beste lagun batek gaur esan didan bezala: “En Primera o en Preferente: ¡con la Real hasta la muerte!





Erreala edo patuaren krudeltasuna

10 06 2007

Uste det, gaur gaueko 11ak baino minutu batzuk gutxiago gertaturikoa ez dudala inoiz ahaztuko. Bertan krudeltasuna bere osotasunean azaldu da, errealzale guztiengan sorturiko itxaropena kolpekatzeko eta bigarren mailako zulora botatzeko.

Errealarentzat gau ona izaten ari zen ordurarte. Athletic eta Betis galtzen ari ziren. Bakarrik beraien lana betetzea falta zen: Racing menderatzea. Baina minutuak pasa ahala gero eta zailagoa ematen zuen helburu hori betetzea. Partiduko azken txanpan, Errealak adorea atera du eta bizpahiru aukera garbi eduki ditu gola sartu ahal izateko.

Orduan, partidua amaitzear zegoela, 86. minutuan penaltia pitatu du arbitroak. Mirakulua Anoetan. Dena galduta zegoenean, patuak azken aukera ematen zuen itxaropenerako. Saviok (denboraldi honetan Erreala puntu hontaraino lehen mailako talde izaten jarraitzen ahaldu duen jokalariak) bota behar zuen penalti hori…

… eta patua krudela izan da. Oso krudela!!! Saviok penaltia ez du golean bihurtu, eta horrekin batera, (matematikoki ez), Erreala bigarren mailara jeitsi da. Errealak ez zuen horrelako amaierarik merezi. Errealzaleok ez genuen merezi. Saviok ez zuen merezi.

Hori guztia esanda, esan beharra dago, nola ez, Erreala ez da jaitsiko bigarren mailara partidu hau irabazi ez izanagatik. Denboraldi izugarri txarra egin ondoren nahiko merezia du taulan duen kokapena, eta horrek dakarren ondorioa, hau da, jeitsiera.

Hala ere, Hitchcock-en pelikula baten moduko amaiera hau bihozgabea da. Oso gupidagabea. Patua bere krudeltasun gordinenean.

Post Data1: Animo asko blog hontatik Saviori!!!

Post Data2: Nik etsi dut. Ez det sinisten azken partiduan gerta daitezkeen karanbola eta mirakuluetan.

Post Data3: Erreala jeitsiko denez, zorte on opa diot Athletic-i Levanteren aurka. Ez dadila beste euskal talde bat jeitsi.