Gaur hori da mezu nagusia. Gure familiko kideei, lagunei, ezagunei eta baita ezezagunei ere bere lehen orduak bete dituen urte hau ona izatea opa diegu. Hala izan dadila ere hau irakurtzen duzutenentzako. Euskizofrenia bizi dugunok, gure gaixotasunaren aurkako txertoaren aurkikuntza biziko dugu?

Txinatarrentzat hau arratoiaren urtea omen da. Ea nolako zortea duten aurten, lehen aldiz joku olinpikoak antolatzen dituzten honetan. Niretzat aldiz, hauteskundeen urtea da. Gertu edo urruti, gutxiago edo gehiago axola zaizkidalarik, hainbat hauteskunde egongo dira aurten hitzegiteko asko emango dutenak. Horien inguruan zabalago hitzegiteko aukera egongo da. Gaurko postean zenbatu besterik ez ditut egingo:
- Urtea hasteko, Gipuzkoalandeko herritarrok bereziki jarraituko ditugun “hauteskunde” batzuk: Errealarenak. Badiola bai ala ez?
- Martxoan, Espainiako hauteskunde orokorrak izango ditugu. Zapaterok jarraituko du Moncloan edo maletak egin eta Rajoyri egin beharko dio lekua?
- Azaroan, Estatu Batuetan izango dira hauteskunde presidentzialak. Bush administrazioak agur esango du (8 urte luze eta tragikoen ostean…) eta Inperioak buruzagi berria izango du. Hillary, Obama edo Edwards demokraten aldetik, eta Giuliani, Romney edo Huckabee errepublikarren aldetik. Sei gizon eta emakume horien artean egongo da erantzuna.
Azkenik, ez nuke ahaztu nahi Urrian egon litekeen erreferenduma. Ibarretxe bukaeraraino iritsiko da? Erreferenduma izango dugu? Apostuak irekiak daude. Nik ezezkora joko nuke. Eta zuk?
